Elkarrizketa: Bagoiez Arrasate!

Argitalpen-data: 

Mugiment Idazkaritza Teknikoa.

Irudia - Elkarrizketa: Bagoiez Arrasate!

Bi urte bete ditu Arrasateko jarduera fisikoko orientazio zerbitzuak. Bertako teknikari den Markel Garcíarekin egon gara proiektuari buruzko orain arteko balorazioa ezagutzeko.

Mugiment egitasmoaren testuinguruan kokatuta dagoen ekimen honek, jarduera fisikoa sustatzea eta sedentarismoari aurre egitea du helburu. Markel Garcia da Bagoiez Arrasate! orientazio zerbitzuko orientatzailea eta jarduera fisikoa inoiz baino garrantzi handiago hartzen ari den garai honetan, arrasatearrei zuzentzen zaie zerbitzua erabiltzera animatu daitezen. Berarekin izandako solasaldian hauxe kontatu digu:

Zer da Bagoiez Arrasate

Jarduera fisikoa egiteko zailtasun gehien dituzten herritarrei laguntzeko Arrasateko Udalak 2019an martxan jarri zuen doako zerbitzua da.

Zeintzuk dira zerbitzuaren helburuak?

Zerbitzuaren helburua pertsona aktiboak lortzea da. Arrazoi ezberdinengatik inaktibo diren horiei, laguntza ematea,  jarduera fisikoa beraien eguneroko bizitzan txertatzeko euren egoera fisikoa zein ongizate orokorra hobetu dezaten. Momentu honetan nire erronka nagusia da, ahal den neurrian,  etxean geldi dauden horiek mugiaraztea, inor ez dadila etxean geldi geratu. Pandemia aurretik jendearen gaixotasun kronikoak ziren gainditu beharreko oztopoa baina pandemiak sortu duen egoerarekin gutxienekoetara joan behar izan gara eta jendea edonola mugiarazi nahi dugu.

Zein da orain arte izan dituzuen erabiltzaileen profila?

Batez ere 60 urtetik gorakoak. Gizonak eta emakumenak ia neurri berean gerturatu dira baina ikusi dugu emakumeen artean arrakasta gehiago izaten dugula, atxikipen handiagoarekin, eta gizonezkoek, aldiz, lehenago uzten dutela zerbitzua.

Oso pozgarria da kaletik zoazela zure zerbitzuko erabiltzaileak paseoan edo kiroldegira sartzen ikustea. 

Nola jarri daiteke harremanetan zurekin arrasatear bat?

Astearte eta ostegunetan BAZen egoten naiz 10:00etatik 13:00etara. Hala ere, ordutegi horretatik kanpo ere nirekin hitzordua eskatu daiteke BAZen bertan.

Orain arte nola izan dute zerbitzuaren berri erabiltzaileek?

Zerbitzuari ez diogu oihartzun hangiegia eman eta ahoz-ahokoaren bidez izan dute gehienek gure berri. Komunikazioa gehiago lantzea ere buruan dugu herritarrek jarduera fisikoaren onuren berri izan dezaten.

Zein aukera daude Arrasaten aktibo izateko?

Arrasatek aukera asko eskaintzen ditu jarduera fisikoa egin nahi dutenentzat, izan instalakuntzetan, izan aire librean; izan era antolatuan, izan norbere kabuz. Gakoa da dauden baliabide guzti horiek herritarren eskura jartzea.

Zer gomendio edo mezu emango zenioke aktiboa ez den Arrasateko pertsona bati?

Bizitzan zehar ezer egin ez duten pertsonek gaitasun fisiko eskasa dute. Gainera ikusi dut erabiltzaile askoren motrizitatea ez dela oso aberatsa. Patologia konkretu bati aurre egiteko baino egokitzapen fisiko orokor egokian jarri beharko litzateke arreta. Inoiz ez da berandu hasteko baina argi izan behar da mugitzea ezinbestekoa dela osasuntsu egoteko.

Zeintzuk dira 2021erako erronkak?

Lehenik eta behin, gustatuko litzaiguke pandemia aurretik osasun zentroarekin genuen elkalana berriz ere berreskuratzea. Era berean, gizarte zerbitzuekin lanean hastea nahiko genuke. Osasun zentrotik batez ere arazo fisikoak dituzten pertsonak hartzen ditugun moduan, gizarte zerbitzuetatik beste eragozpen mota batzuk dituzten herritarrak artatzea nahi dugu, ikuspegi sozialarekin lotutakoak. Badugu etxez-etxeko zaintza zerbitzuarekin batera garatuko dugun proiektu bat oso interesgarria.

Denbora gehiago izango banu baditut buruan hainbat ideia: hitzaldiak antolatu, saioak gidatu elkarte ezberdinekin, aholku metodologia aldatu saio erakargarriagoak egiteko, edota estrategia psikologiko berriak aplikatzea.

2021-2022 ikasturtea hasteko ilusioarekin gaude, pandemiaren okerrena atzean utziko dugulakoan.

Euskadi, auzolana