Ikasleen jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratutako partaidetza-proiektuak garatzeko dirulaguntzak 2021-2022

Argitalpen-data: 

Mugiment Idazkaritza Teknikoa.

Irudia - Ikasleen jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratutako partaidetza-proiektuak garatzeko dirulaguntzak 2021-2022

Laguntza, guztira, ehun eta hogeita hamasei mila eurokoa (136.000) izango da eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza da deialdiaren organo kudeatzailea.

AGINDUA, 2021eko irailaren 2koa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baitira elkarte eta kooperatibei zuzendutako laguntzak eta egiten baita laguntza horien deialdia, EAEko ikasleen jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratutako partaidetza-proiektuak garatzeko 2021-2022 ikasturtean zehar

Agindu honen xedea da laguntza ekonomikoak iragartzea EAEko elkarteek eta kooperatibek jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratutako partaidetza-proiektuak gauzatzeko 2021-2022 ikasturtean zehar, ikasleen osasuna eta autonomia hobetzeko. 

Laguntza horien helburua da honako hauek finantzatzea 2021eko uztailaren 1etik 2022ko ekainaren 30era: 

  1. a) Partaidetza-proiektuak garatzea eskola-bideak sortu eta dinamizatzeko, hiri-espazioek mugikortasun aktibo eta segururako eskaintzen dituzten aukerak baliatzera bideratuak. Eskola-bidetzat joko dira ibilbide zehatz eta finkoak, aurrez ezarriak eta markatuak, eskola-umeek erabil ditzaketenak ikastetxeetako joan-etorriak modu aktiboan (oinez, gurpil-oholez, bizikletaz, eta abar), modu seguruan eta autonomoan egiteko, eta, hala, espazio publikoaren erabilera eta gozamena berreskuratzeko. 
  2. b) Partaidetza-proiektuak garatzea, ikastetxeetako jolastokiak ikaskuntzarako, jolaserako eta mugimendurako espazio inklusibo bihurtzeko eta/edo dinamizatzeko, baita kalitatezko harremanak eta esperientziak eraikitzeko ere, eskola-ordutegian zein hortik kanpo, berdintasunean eta aniztasunarekiko (kultura, etnia, sexua, funtzionaltasuna, eta abar) errespetuan oinarrituta eta ikasleen eta haien familien behar eta interesetara egokituta. 

Zera egin beharko dute proiektuek: 

1.– Ikastetxeko ikasle guztien jolas-aukerak, jarduera fisikoa eta elkarbizitza handitu. 

2.– Neskek jarduera fisikoa egitea berariaz sustatu, jarduera-ezaren ratioa handiagoa baita kolektibo horretan. 

3.– Mugimendua eta jolas aktiboa sustatu ikasle helduenen edo bigarren hezkuntzako ikasleen artean, adin-tarte horretako sedentarismorako joera saiheste aldera. 

  1. c) Jarduera fisikoa familian erregularki egitea bultzatzera bideratutako jarduerak sustatzea, hala nola mendi- edo bizikleta-irteerak, ibilaldiak irristailuetan edo familian egiteko jolas-jarduerak.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Eskabide bat aurkeztu behar da proiektu bakoitzeko, eta proiektu bakarra aurkeztu ahal izango du elkarte edo kooperatiba bakoitzak.

Euskadi, auzolana