Bizkaian, 2024ko udazkenean, 3 jarduera fisikoaren orientazio zerbitzu (JFOZ) berri sortuko dira Igorre, Leioa eta Sestaoko Udalen eskutik.
Jakin badakigu, horrelako zerbitzu bat martxan jarri ahal izateko, pausoak eman behar direla eta horretan dabiltza tokiko udal hauek. Izan ere, udalerri bakoitzaren ezaugarriak izendatzen, aktiboak identifikatzen eta beharrak zehazten dabiltza. Hemen zerbitzu bakoitzaren ezaugarri nagusiak:
Leioako jarduera fisikoaren orientazio zerbitzua herri erdigunean eta auzo ezberdinetan kokatuta egongo da. Helburua herritarrak jarduera fisiko gehiago egitera animatzea izango da. Horretarako, eragile ezberdinez osaturiko tokiko sarea osatu dute. Bertan, herriak dituen aktiboak identifikatzen eta beharrak izendatzen dabiltza.
Sestaoko JFOZ astean 25 orduko zerbitzua izango da. Herriko bi osasun zentrotan eta udal eraikin baten kokatuta egongo da, eta herritar guztiei zuzendutako zerbitzua izango da. Irailaren lehen hamabostaldian osasun arloko profesionalei deribatzearen garrantzia eta sistema azalduko zaie.
Igorreko JFOZak 8 ordu izango ditu, goiz eta arratsaldez emango da arreta. Nahiz eta herritar guztiei ateak irekita izan, zerbitzua gazteei (12-18 urte) eta pertsona helduei (40-60 urte) zuzenduta egongo da, adin tarte horietan identifikatu bait dira behar handienak.
Pixkanaka-pixkanaka, jarduera fisikoaren orientazio zerbitzuak dituzten udalerrien kopurua handitzen doa. Ea udalerri gehiago animatzen diren.