Galdakaon bizi diren pertsonen bizi kalitatea hobetzeko helburuarekin jarri du martxan Udalak Altzeu, udalerriko jarduera fisikoaren orientazio zerbitzu berria. Honen xede nagusiak galdakaoztarren artean ohitura sedentarioak murriztea eta elkarlanean gizarte aktibo bat bultzatzea dira, bakoitzaren gaitasun eta zailtasunetara egokitutako jarduera fisikoaren bidez. Izan ere, frogatu da jarduera fisikoa modu erregularrean egiteak onura ugari eragiten dizkiola osasunari eta hainbat gaixotasunei aurre egiteko eraginkorra dela (hipertentsioa, diabetesa, asma, depresioa, etab.).
Hori dela eta, Galdakaoko Udalak, Osakidetzarekin, Eusko Jaurlaritzaren Mugiment proiektuarekin eta Mugikonekin elkarlanean, doako zerbitzu hau jarri du martxan herritarrentzako. Altzeuren aurkazpenean Iñigo Hernandok, Galdakaoko alkateak; Asier Korta, kirol zinegotziak; Nagore Aiok, anbulategiko erizainburuak; Dalda Barayazarrak, Mugiment proiektuko Idazkaritza Teknikoko partaideak; eta Mikel Urbano, zerbitzua kudeatuko duen Mugikon enpresaren ordezkariak hartu dute parte.
Iñigo Hernandok proiektuaren onurak nabarmendu ditu: “Altzeu egitasmoa proiektu integral baten barruan sartzen dugu, ahalik eta herri osasuntsuena lortu nahi dugulako”. Bere esanetan, horretarako “jauzi bat izango da proiektu hau eta horregatik da oso garrantzitsua horrelako ekimen bat herrian garatzea”.
Honekin bat etorri da Asier Korta, Altzeuren bidez “pertsonen eta herriaren bizi kalitatea hobetu” egingo dela uste baitu. Egitasmoa “zeharkako zerbitzua” dela adierazi du, Udaleko hainbat arlo daudelako inplikatuta; besteak beste, kirola, gizarte-ekintza, gazteria, hezkuntza, parte-hartzea, etab. Gainera, “herriko beste agente batzuen parte hartzea ere oso inportantea” dela azpimarratu du, “guk identifikatuta ez dauzkagun pertsonak erakartzeko”. Proiektua galdakoztar guztientzat dela azaldu du, edozein galdakoztarrek parte har dezakeelako. “Helburu nagusia ariketa fisikotik urrun dauden pertsonak aktibatzea da”, bukatu du.
Dalda Barayazarrak Mugiment proiektuak zertan datzan azaldu du: “osasun munduko erakundeek ezarritako gutxieneko jarduera fisikoa egitera heltzen ez diren pertsonen artean hau sustatzera eta sedentarismoa gutxitzera bideratuta dauden ekintzak bultzatzea”. Horretarako “JFren profesional batek herritarren behar eta premiak identifikatu eta haien bizitzan jarduera fisikoa txertatzeko aholku, gida eta laguntzak” emango dizkiela azaldu du.
Nagore Aiok “gaixotasunen prebentzioan edota hauek eragin ditzaketen konplikazioak ekiditeko” jarduera fisikoak duen garrantzian jarri du fokua. Pazienteei ohartarazpen hori aldiro egiten dietela adierazi du, eta, bide horretan laguntzeko, bai medikuek, bai fisioterapeutek eta bai erizainek Altzeu zerbitzura profil askotako herritarrak bidaliko dituztela.
Horretarako, kontsulta bat egongo da Galdakaoko anbulategian eta, Mikel Urbanok azaldu duenez, “orientatzaileak persona bakoitzarekin elkarrizketa bat egingo du, bere beharrak zeintzuk diren identifikatu eta orientazio prozesua hasiko du”. Horrela, “metodologia zehatz baten bidez azken helburua bukatzean bakoitzak bere kabuz ariketa fisikoa egitea” dela ziurtatu du.
Altzeu zerbitzuan izena ematea doakoa da eta lehenengo elkarrizketarako hitzordua zehazteko jon.oteo@mugikon.com mailera idatzi edo 671 719 973 telefonora dei egin daiteke.
Hitzorduak hurrengo astelehenetik, azaroak 4tik, aurrera hasiko dira hurrengo kokalekuetan:
- Torrezabal – Lehendakari Agirre plaza: astelehenetan, 10:00-14:00.
- Galdakaoko Osasun Zentroa: ostegunetan, 16:00-20:00.
- Zerbitzua Aperribain ere eskainiko da laster.