Donostia Kirolak: Piztu! programa 24/25

Argitalpen-data: 

PIZTU! programa jarduera fisikoa egiteko orientazio eta aholkularitza zerbitzua da, ez aktiboak diren pertsonei zuzendua; asko baitira, arrazoi desberdinengatik, aktiboak ez diren pertsonak eta inolako kirol jarduerarik egiten ez dutenak.

Donostia Kirolak lideratzen eta koordinatzen duen programa hau Osakidetzarekin lankidetzan garatzen da, eta hiriko osasun zentro guztietan ezarrita dago.

Programa honen bidez, zentro horietako medikuek edo erizainek jarduera fisikoa egitea agintzen diete pazienteei (kirol-errezeta bidez), eta Donostia Kirolaren orientatzailearengana bideratzen dituzte, kiroldegietan ez ezik, goizetan osasun-zentroetan bertan ere lan egiten baitute. Ondoren, pazientearen jarraipena egiten da 12 hilabetez, agindutako jarduera fisikoarekiko atxikimendua baloratzeko.

PIZTU! programa 2017an jarri zen abian eta Iñaki Gabarain Kirol zinegotziak adierazi duenez 23/24 ikasturtean 750 pertsona baino gehiago bideratu ziren orientatzailearengana lehen hitzordu batera, eta guztira 3.000 pertsona baino gehiago artatu ziren. 2024ko lehen bederatzi hilabeteetan kopuru horiek gainditu egin dira, eta horrek erakusten du programaren etengabeko hazkundea. 

Pertsona horien % 70ek jarduera fisiko erregularra izatea lortu dute. Erabiltzaileen % 66 emakumeak dira eta % 75a 50 urtetik gorakoak dira.

2021ean, PIZTU! programa hirian dauden osasun mentaleko zentroetara ere zabaldu zen, Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sarearekin akordioa egin ondoren.

PIZTU!-k osasun taldeak sortu ditu, patologia jakin bat duten eta jarduera fisiko erregularra eta kontrolatua egiten duten pertsonek osatuak. Talde horietan, gaur egun, 400 pertsonak baino gehiagok hartzen dute parte.

Donostia Kirolak 100.000€ inguruko aurrekontua bideratzen ditu urtero programa finantzatzeko. Ekarpen ekonomiko handia izan arren, Donostia Kirolak eta Osakidetzak programa estrategikotzat hartzen dute; izan ere, azken azterketen arabera, jarduera fisikoko programetan inbertitutako euro bakoitzeko 15€ aurrezten dira osasun gastuetan.