Gida berria: jatorri anitzeko emakumeen ongizate eta gizarte-inklusioa jarduera fisiko edota kirolaren bidez

Argitalpen-data: 

Agiri honen helburua da gizartean kalteberatasun-egoeran dauden gizataldeen aktibotasuna eta gizarte-inklusioa sustatzea jarduera fisiko edota kirolaren bidez. Horretarako gako nagusiak emango dituen txostena eta gidaliburua eskaini nahi ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko Jarduera Fisiko eta Kirol Zerbitzuak (aurrerantzean, GFA JFKZ). Kirol-sistemako eragileak herritar edota gizatalde horiei begira jartzea da lehenik lortu nahi dena, eta, horrekin batera, oztopo sozioekonomikoak dituzten gizataldeei zuzendutako kirolpolitikak egiteko oinarrizko printzipio eta esku-hartzeen berri ematea, oro har. Eta, zehazki, generoa, klase soziala eta jatorri-aniztasuna uztartuta, jatorri anitzeko emakumeek dituzten oztopo nagusiak identifikatzea eta esku-hartze eraginkorrak mahaigaineratzea da lan honen asmoa. 

Lan honen xede nagusia GIDALIBURU bat sortzea da. Gidak, lehenik, atal orokorra izango du, sozioekonomikoki egoera zaurgarrian dagoen edozein gizatalderekin eraginkorrak diren printzipio eta oinarri lagungarriak jasotzen dituena; eta, ondoren, berariazko gida, jatorri anitzeko emakumeentzako eraginkorrak eta sustatzaileak diren esku-hartzeak barneratzen dituena. Txosten honen bitartez, berariazko gida hau garatu da, bereziki, jatorri anitzeko emakumeekin jarduera fisikoa sustatzeko esku-hartze egoki eta arrakastatsuak eskaintzeko. Jatorri-aniztasunak inplizituki jasotzen du kultura ezberdinetako emakumeak izatea, bai eta erlijio ezberdinetakoak ere, erlijioa kultura baten parte baita; eta, bereziki, lanketa egin da islamaren inguruko baldintzatzaileak aintzat hartzeko. 

Zergatik dago gidaliburu bat sortzeko beharra? Egoera zaurgarrian dauden gizataldeei begira hedatu nahi ditugun hainbat eskuhartze lagungarriren artean, bata gizatalde horiei begirako politikak egitean datzalako. Era berean, administrazio publikoek badute horiek sortzeko eta komunikatzeko erantzukizuna ere, gizatalde horietako norbanakoei aktibo izateko erraztasunak emateko eta gizarte-inklusioaren prozesuan laguntzeko. 

Gidaliburu hau tresna baliagarri gisa eskaini nahi zaie Gipuzkoako kirol-eremuko eragileei eta, bereziki, Gipuzkoako udalei. Horrela, asmoa du, batetik, ezagutza zientifikoan zein esperientziaren ezagutzan oinarria duen egiteko modu eraginkorren informazioa emateko, eta, bestetik, beraien udalerrietako kirol politiketan barneratzeko erraztasunak emateko, horretarako erremintak eskainiz. Gipuzkoako udaletako kirol-orientazioko zerbitzuetako kirol-orientatzaileentzat ere baliagarria izan daiteke. Bestalde, kirol-eremutik haratago, beste hainbat eremutako eragileei (berdintasuna, migrazioa eta kultura-aniztasuna, gizarte-zerbitzuak, hezkuntza eta kultura, esaterako) zuzendutako gida izan daiteke baita ere, zeharkakotasunez lan egitea ezinbestekoa izango delako aipaturiko gizataldeak benetan artatu eta gizarteko partaide errealak izatea erraztu nahi badugu.

Hemen aurkituko dituzue txostena eta gida.

Tag-ak