Joan den ostiralean, azaroaren 14an, Jarduera Fisikoaren orientatzaileentzako II. topaketa izan genuen Ermuko Izarra Centre eraikinean. Hogeita bost bat lagun bildu ginen jardunaldi honetan, lankidetza-giro bikain eta parte-hartzailean.
Topaketaren helburu nagusia orientazio-zerbitzuen arteko sarea sendotzea eta esperientziak nahiz ezagutzak modu eraginkorrean partekatzea izan zen.
Jardunaldia 10:00etan hasi zen, talde-argazki batekin, eta ondoren, Gorka Iturriagak, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendaritzako Kirol zuzendariak, ongietorri instituzionala egin zuen.
Ondoren, aurreikusitako gaitegiari jarraituz, interes handiko gaiak landu ziren orientatzaileen eguneroko jardunerako:
- JF Ebaluatzeko Proposamenak: jarduera fisikoa ebaluatzeko proba zehatzak ezagutu eta praktikan jarri ziren.
- Errealitate Birtuala JF Sustatzeko: arreta berezia eskaini zitzaion errealitate birtualaren bidez jarduera fisikoa sustatzen duen Oroi enpresako proiektuari. Bertaratutakoek teknologia hau gertutik esperimentatzeko parada izan zuten.
- Beste ekimen batzuk: aurreko ikasturtean martxan jarritako zenbait ekimen garrantzitsu partekatu eta azpimarratu ziren, besteak beste, Jarduera Fisikoa sustatzeko eta mantentzeko estrategia psikologikoei buruzko webinarra eta Mugiment pausu erronka digitala.
- Amaierako tartea parte-hartzaile bakoitzak bere ekarpenak, hausnarketak eta etorkizuneko orientazio-zerbitzuentzako proposamenak partekatzeko gorde zen.
Jardunaldia atsegin handiz itxi zen hamabietako batekin.
Erabilitako aurkezpena hemen duzue eskuragarri.
Eskerrik beroenak adierazi nahi dizkiegu bertaratu zineten orientatzaile guztiei erakutsitako parte-hartze aktiboagatik, baita Ermuko Udalari eta Izarra Centreko taldeari ere, emandako laguntza eta eskainitako instalazioengatik.




