MobiDurango JFOZaren memoria 2024

Argitalpen-data: 

Pello Uriartek eta Imanol Sobradok 2024ko MobiDurango jarduera fisikoaren orientazio zerbitzuaren datuak aurkeztu dituzte.

2024an, 136 erabiltzaile berri hurbildu dira orientazio zerbitzura. Horietatik, 90 lehen arretako fisioterapia zerbitzutik, 8 osasun mentaleko zentrotik, 31 pertsona bere kabuz, eta beste 8 udaleko zerbitzuetatik bideratuak izan dira. Azken hilabeteetan egindako komunikabideen bidezko difusioak zerbitzua ezagutzera eman du herritarren artean, eta horren ondorioz, erabiltzaileen %23a bere kontura gerturatu dira.

Orientatzaileek 1.707 hitzordu egin dituzte erabiltzaileekin jarraipena egiteko. Horrekin batera, erabiltzaileen beharrak identifikatu ondoren, jarduera edo zerbitzu desberdinetara bideratu dituzte, hala nola: plan pertsonalak, KOI saioak (koordinazioa, oreka eta indarra lantzeko saioak), fisioterapia zentroak, fitness aretoa, David dispositiboak (indarra lantzeko diseinatuta dauden dispositibo aurreratuak), Kirolerrota gimnasioa, Motion Lab zentroa edo Zirkin emakumeen gimnasioa.

MobiDurango JFOZren baitan beste ekintza eta jarduera batzuk ere martxan dituzte. Asteazkenero 4-6 km arteko ibilaldiak egiten dituzte, eta 229 pertsonak parte hartu dute. Bestalde, astelehen eta asteazkenetan KOI saioak dinamizatzen dituzte, eta urteko asistentzia 591 pertsonakoa izan da. Azkenik, erorikoak prebentzio programak abian dituzte, 2 mota desberdinekoak: bata David dispositiboekin (artikulazioen mugikortasuna eta indarra hobetzeko) egiten dituzten 16 saioak, eta bestea, Nagusien Etxean jarraipen jarduera gisa  egiten dituztenak. Erorikoak prebentzio saioetan 170 pertsonak parte hartu dute. 

MobiDurangoko programak, jarduerak eta tailerrak dinamikoak dira, tokiko sarean identifikatzen diren beharrei erantzuteko. Hasieratik helburua Durangarren jarduera fisikorako atxikimendua handitzea izan da, eta horretan jarraitzen dute.

Hemen duzue 2024ko memoria ikusgai.