Goazen kalera! ekimena martxan berriro

Argitalpen-data: 

Goazen kalera! ekimena martxan berriro

Jarduera fisikoa eta sozializazioa uztartzen dituen proiektua da Usurbilgo Goazen kalera! ekimena, eta 2026ko urte hasiera honekin batera, indartsu ekin diote berriro bideari. 

Proiektu honen funtsa sinplea bezain aberasgarria da: asteartero, goizeko 10:30etik 12:00etara, herriko jubilatuak eta ikastetxeetako ikasleak elkartzen dira paseo bat emateko. Txandaka, herriko gune desberdinak zeharkatzen dituzte, hala nola Aginaga, Zubieta, Santuenea edo Usurbilgo erdigunea, eta ibilbidea amaitzean, Oinarrizko Lanbide Hastapeneko ikasleek prestatutako hamaiketakoa dastatzen dute elkarrekin.

Ekimenak herri zaintzailea eraikitzea eta belaunaldien arteko harremanak sustatzea ditu helburu nagusi; izan ere, paseatzeaz gain, elkarri konpainia egitea eta esperientziak partekatzea da gakoa. Tarteka, ohiko paseoez gain, ekintza bereziak antolatzen dituzte edo ibilbideak egokitzen dituzte zaintzadun etxebizitzen auzuneetatik igarotzeko, komunitate osoa integratuz.

Aurreko edizioetako harrera ona eta balorazio positiboa ikusita, aurten ere dinamikari eustea eta egutegia abuztura arte luzatzea erabaki dute, herritarren arteko sarea ehuntzen jarraitzeko.

Ikusi egutegi osoa.

Tag-ak