Sinesgarritasuna

Irudia - Sinesgarritasuna

Irudia: Matilde Sainz Osinaga

egilea: Iker Etxeberria, 

Ezberdintasunak egon arren, ez zait iruditzen pandemiak inguruko herrialdeetan baino gogorrago jo duenik gurean; samurrago ere ez. Irudipena daukat datuetan eman diren diferentziak, hauek jasotzeko moduagatik izan dela. Oker ibili naiteke baina hori uste dut. Egon da, ordea, ezberdintasun garrantzitsu bat; eta hori izan da jarduera fisikoari eman zaion tratamendua.

Europako herrialde batzuetan ez bezala, jarduera fisikoa aire librean egitea erabat debekatu zen hemen. Mugikortasun aktiboari ere trabak jarri zitzaizkion eta kotxea lehenestea zen gomendioa, gure osasunarengatik. Ume eta nerabeek etxean egon behar zuten kalera atera ezinda. Traba larregi behar adina mugitzeko.

Komeni denean asko nabarmendu ohi dugu iparraldeko beste herrialde horietan egiten dutena, ekonomia edota hezkuntza arloan adibidez, baina kasu honetan ez zen tokatzen haiei begiratzea. Arrazoi bakarra zen tartean: beldurra. Ezjakintasuna ere gehitu nezakeen egoeraren beste osagai bezala, baina iruditzen zait Alemanian edo Frantzian ere ez zituztela beraiek nahi bezain beste ziurtasun eta erantzun, eta halere, beste erabaki batzuk hartu zituzten: ausardia.

Erabaki horrekin mezu bat bidali zen gobernutik, lerro artean irakurri nahi duenarentzat; jarduera fisikoaren sustapena ez da benetako lehentasuna. Biziohitura osasungarriak, salutogenesia, osasuna ulertzeko ikuspegi zabala… hori dena alboratua izan zen, dekretuz dekretu. Pasa den mendearen erdialderarte, osasunaren definizioa gaixotasun eza izan zen bezala, 2020ko martxotik ekainera osasunaren definizioa koronabirus eza izan zen. Jarduera fisikoaren alde azken hamarkadan botatako mezu asko lurperatu ziren egun gutxitan.

Jarduera fisikoaren eta, orohar, osasunaren sustapenaren alde lan egiten dugunoi mesede gutxi egin digu agintarien jarrera honek. Erakunde publikoen diskurtsoak sinesgarritasuna galdu du, arlo honetan bederen.

Zorionez (edo tamalez) botere publikoen kontraesan hauek azkar ahaztuko dira gaurkotasuna duten gai berriekin. Eta jarduera fisikoaren onuretan sinisten dugunok, erabat fededun, gure dotrinarekin jarraituko dugu gizarte osoa bihurtu nahian: herritarrak alde batetik eta agintariak bestetik.

Sinesgarritasuna berreskuratu beharra dugu, eta hori, mugitzen soilik lortuko dugu!

Euskadi, auzolana