Eskola osasuntsuak eraikitzeko erronka partekatu

egilea: Neritzel Albisua, 

Haur eta nerabeen jarduera fisikoaren egoera ez da kasualitatea. Egungo bizimoduak gero eta sedentarioagoak bihurtu gaitu, eta horren ondorioak nabarmenak dira. Euskadiko haur eta nerabeen %40 inguruk ez ditu OMEk gomendatutako jarduera fisiko mailak betetzen, eta pantailen erabilera orduak gero eta handiagoak dira. Honek eragin zuzena du haien osasunean eta ongizatean, estresa eta antsietatea areagotuz, eta egoera fisikoa okertuz.

EUSFIT Mugiment sistemaren azken datuek argi uzten dute errealitate hau, hala nola,  eskuko presio-indarra baxua edota mugikortasun arazoak... Hau da gure belaunaldi gazteen egoera. Jakin badakigu Heziketa Fisikoko orduak ez direla nahikoa arazo hau konpontzeko, eta ikastetxeetako esku-hartze gehienek ez dutela nahi bezainbesteko eragina izan. Zergatik? Izan ere, gehienetan, programak goitik beherako planteamendu batetik diseinatu dira, eskola-komunitatea erdigunean jarri gabe.

  • Eskola-komunitatea ardatz duen aldaketa

Hau ez da Heziketa Fisikoko irakasleen erronka bakarrik, ezta eskolako zuzendaritzarena soilik ere. Gakoa eskola osotasunean ulertzea da, sistema moldagarri eta dinamiko bat bezala, non irakasleek, familiek eta komunitateak elkarrekin lan egiten duten jarduera fisikoaren kultura sustatzeko. Horretarako, ikuspegi integratu eta parte-hartzailea behar dugu, eskola bera eraldatzeko estrategia bat ezarriz:

  1. Eskolaren kultura eta ikuspegia berritzea. Jarduera fisikoa ezin da aparteko zerbait izan, baizik eta ikastetxearen funtzionamenduaren parte. Osasuna eta ongizatea hezkuntza-esperientzian integratu behar dira, eta eskolako gako eragileak aktiboki bultzatu behar dute hori.
  2. Espazioak eta egiturak egokitzea. Eskola batek jarduera fisikoa sustatu nahi badu, bere ingurunea horretarako diseinatu behar da. Jolastoki dinamikoak, atseden aktiboetarako guneak, korridoreetan mugimendua sustatzeko aukera... Guztia aukera bat izan daiteke.
  3. Jarduera fisikoa sustatzeko hainbat aukera eskaini. Heziketa Fisikoko klaseetatik harago, mugimendua eguneko ohitura bihurtu behar da:
    • Ikasgai aktiboak, irakasgai guztietan mugimendua integratuz.
    • Eskolako atsedenaldi eta jolas tarte aktiboak.
    • Eskolaz kanpoko jarduera eta programak.
    • Mugikortasun aktiboa: oinez edo bizikletaz eskolara joatea sustatzea.
    • Kirol eta jarduera fisikoko ekitaldi bereziak.
  4. Irakasleen prestakuntza eta motibazioa indartzea. Irakasle guztiek izan behar dute jarduera fisikoa sustatzeko trebetasunak garatzeko aukera, ez bakarrik Heziketa Fisikoko irakasleek. Prestakuntza-programak ezinbestekoak dira metodologia aktiboak eskoletan txertatzeko.
  5. Ko-kreazioa: Eskolako komunitate osoaren parte-hartzea. Ezin dugu aldaketa goitik beherako ikuspegi hutsetik abiatu. Eskolako irakasleak, ikasleak, familiak eta komunitate zabala inplikatu behar dira aldaketa-prozesuan. Ikasleen parte-hartzea, haien beharrak kontuan hartzea eta irakasleen autonomia sustatzea funtsezkoa da.

Azken urteetan, osasunaren eta jarduera fisikoaren sustapenari lotutako esku-hartze asko ez dira behar bezala gauzatu. Ikastetxeetan egindako azterketek erakutsi dute interbentzio asko ez direla iraunkorrak izan, batez ere goitik beherako ikuspegi hutsetik planteatu direlako. Hori dela eta, beharrezkoa da ikuspegi sistemiko eta parte-hartzailea hartzea, non ikasleek, irakasleek eta komunitateak beraiek diseinatzen duten beren testuingurura egokitutako estrategiak.

  • Benetako aldaketa lortzeko norabidea Eskola-komunitatea ardatz duen aldaketa

Jarduera fisikoaren gainbehera erronka larria da, baina ez da konponezina. Eskolak ez dira arazoaren parte izan behar, irtenbidearen parte baizik. Hezkuntza-sistema moldakor bat behar dugu, jarduera fisikoa ez ezik, mugimendua eta osasuna ikuspegi integral batetik ulertuko dituena. Hau ez da soilik kirol zaletasuna sustatzearen kontua, baizik eta eguneroko ohiturak eta bizimodu aktiboak garatzeko eredu berri bat.

Eskolak, komunitateak eta politikak bateratu behar dira mugimenduaren kultura eguneroko bizitzaren parte bihurtzeko, haur eta nerabeen osasuna eta ongizatea bermatuz. Gakoa parte-hartzean, ko-kreazioan eta ikuspegi kolektiboan dago.