Agindu honen xedea da laguntza ekonomikoak iragartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko elkarte eta kooperatibek jarduera fisikoa sustatzera eta sedentarismoa murriztera bideratuta dauden partaidetza-proiektuak gauza ditzaten 2025-2026eko ikasturtean, ikasleen osasuna eta autonomia hobetzeko.
Laguntzen xedea da finantzatzea 2025eko uztailaren 1etik 2026ko ekainaren 30era egiten diren jarduketa hauetako bat edo batzuk biltzen dituzten proiektuak:
a) Partaidetza-proiektuak gauzatzea eskola-bideak sortu eta dinamizatzeko, hiri-espazioek mugikortasun aktibo eta segururako eskaintzen dituzten aukerak baliatuz. Eskola-bidetzat joko dira ibilbide zehatzak, aurrez ezarriak eta markatuak, eskola-umeek erabil ditzaketenak ikastetxeetako joan-etorriak modu aktiboan (oinez, gurpil-oholez, bizikletaz eta antzekoak erabiliz), seguruan eta autonomoan egiteko, eta, hala, espazio publikoaren erabilera eta gozamena berreskuratzeko.
b) Partaidetza-proiektuak gauzatzea, ikastetxeetako jolastokiak ikasteko, jolasteko eta mugitzeko espazio inklusibo bihurtzeko eta/edo dinamizatzeko, baita kalitatezko harremanak eta esperientziak eraikitzeko ere, eskola-ordutegian zein hortik kanpo, berdintasunean eta aniztasunarekiko errespetuan oinarrituta (kultura, etnia, adin, sexu, funtzionaltasun eta bestelako aniztasuna) eta ikasleen eta haien familien behar eta interesetara egokituta.
Proiektuek hau egin beharko dute:
- Ikastetxeko ikasle guztien jolas-aukerak, jarduera fisikoa eta elkarbizitza handitu.
- Neskek jarduera fisikoa egitea berariaz sustatu, jarduera-ezaren ratioa handiagoa baita kolektibo horretan.
- Mugimendua eta jolas aktiboa sustatu ikasle helduenen edo bigarren hezkuntzako ikasleen artean, adin-tarte horretako sedentarismorako joera saiheste aldera.
c) Eskola-orduetatik kanpo familian jarduera fisikoa erregularki egitea bultzatzeko jarduerak sustatzea, hala nola mendi- edo bizikleta-irteerak, ibilaldiak irristailuetan edo familian egiteko jolas-jarduerak.
Laguntzen onuradun izan daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako guraso-elkarteak eta halako ikastetxeen titular diren irakaskuntza-kooperatibak.
Deialdiaren zenbatekoa berrehun eta laurogeita hamar mila eta zortziehun eurokoa da (290.800 euro).
Eskatzaile bakoitzari eskaera bakarra onartuko zaio eta eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.




