Joan den hilabetean, Eusfit Mugiment sistema aurkeztu genion Osakidetzako Lehen Mailako Arretako Zuzendariordetzako taldeari. Gertaera hau garrantzitsua da gure ustez, jarduera fisikoak osasun sisteman hartzen ari den garrantzia azpimarratzen baitu, paradigma aldaketa argia erakutsiz. Izan ere, orain arte guk bilatu izan dugu lekua osasun sisteman, eta oraingoan, Osakidetzako profesionalak izan dira guregana gerturatu direnak, ekimenaren berri izateko interesa adieraziz.
Eusfit Mugiment, Euskal Autonomia Erkidegoko haur eta gazteen sasoi fisikoaren monitorizazio-sistema da. 2020-2021 ikasturtean proba pilotu batekin hasi ostean, helburua sistema EAE osora hedatzea da. Proiektu hau bereziki garrantzitsua da, egungo haur eta gazteak sasoi fisiko gutxien duen belaunaldia omen baitira, eta horrek ondorio larriak eragin baititzake haien osasunean. Arazoa neurtu ezean, gainera, ikusezin bihurtzeko arriskua dago. Hori dela eta, gure haur eta nerabeen sasoi fisikoa ezagutzeko asmoz abiarazi genuen Eusfit Mugiment. 2025-26 ikasturtea 4. edizioa da, eta azken ikasturtean 5.343 ikaslek parte hartu zuten. Azken urteko amaiera-txostena hemen dago irakurgai.
Osakidetzako profesionalekin izandako bilera oso aberasgarria izan zen, haien iritziak eta hausnarketak zuzenean ezagutzeko aukera eman baitzigun. Bileraren ondorio esanguratsuenetako bat izan zen pediatrentzat Eusfit Mugiment-ek eskaintzen dituen txostenen bidez osatu dezaketela umeen informazioa, sasoi fisikoaren eta osasunaren arteko erlazio zuzena dela eta. Elkarlana indartzeko bidean, azpimarratu zen probak egiten dituzten ikasleen kopurua edozein dela ere, datu horiek osasunaren arloko profesionalen eskura iristeko premia dagoela. Hori lortzeko, Mugiment Ekintza Planaren garapena oso garrantzitsua izango da. Gure helburua da pediatrek haurren txosten indibidualak Osabide Global sistematik atera gabe ikusi ahal izatea, eta haur eta gazteen emaitzak haien historia klinikoan agertzea, betiere familien baimenarekin.
Ekimenak hazten jarrai dezan eta behar duen kalitatezko jauzia eman dezan, ezinbestekoa da erakunde nagusien babesa indartzea, bereziki Hezkuntza eta Osasun sailena. Eusfit Mugiment-ek aurrera egin dezan lanean jarraituko dugu, sasoi fisikoaren monitorizazio-sistema EAEko osasun-sistemarekin geroz eta estuago uztartuz, gure haur eta gazteen osasuna hobetzeko bidean.




