KirolTxartela Mugiment

Argitalpen-data: 

Udal kirol-eskaintza jarduera fisikoaren sustapenaren oinarrietako bat da, eta honetan, beste guztietan bezala, erraztasunak ematea da bidea. Kirol Txartela Mugiment garatzen ari den adibide ona da. Dagoeneko 110 udalerri atxikituta daude eta 88.778 pertsonak eman dute izena (erabilen banaketa: % 34 emakumeak eta % 66 gizonak). Azken hilabetean (maiatzean) 5.020 pertsonak 17.273 aldiz erabili dute.

Ezagutu ditzagun Kirol Txartela Mugiment erabiltzaile batzuen iritzia:

Ander, Durango

Zertarako eta nola erabiltzen duzu Kirol Txartela Mugiment?

Astean zehar lanaren ondorioz soilik ordutegi jakin batzuetan joan naiteke igerilekura, baina Durangoko igerilukuan ordu horietan jende asko izaten da. Hori dela eta, nahiz eta Durangon urteko bonoa izan, sarritan Berrizko igerilekuetara joatea erabakitzen dut: jende gutxiago egoten da eta edozein momentutan joateko askatasuna dut.

Zer iruditzen zaizu onena Kirol Txartela Mugiment-etik?

Uste dut Kirol Txartela Mugiment-ek eskaintzen duen onena dela zure egunerokotasunera egokitzen dela. Lanagatik edo beste arrazoi batzuengatik, beti ezinezkoa izaten da zure herriko instalazioetara joatea. Txartel honi esker, inguruko beste udalerrietako kiroldegietara joan ahal zara, zure egunerokotasunera hobeto egokitzen diren ordutegietan eta lekuetan. Horrek askatasun handiagoa ematen du eta erraztasun handia da, batez ere lanaldi estuak ditugunontzat.

Zer hobekuntza proposatuko zenuke?

Hobekuntza gisa, beti kodea harreran lortu beharrean, QR kode baten bidez instalazioetara sartzeko aukera proposatuko nuke. Adibidez, Durango Kirolak-en kasuan moduan: QR kode bat erabilita sarrera azkarrago eta erosoago bihurtzen da. Horrek erabiltzailearen esperientzia hobetuko luke eta denbora aurreztea ere ekarriko luke.

Rosa, Donostia

Zertarako eta nola erabiltzen duzu Kirol Txartela Mugiment?

Usurbilen emagin bezala lan egiten dut eta udal kiroldegia osasun zentroaren pare-parean dago. Nire adinean indar-entrenamendua funtsezkoa da osasunerako, eta oso erosoa egiten zait lanetik irtetea eta jarraian gimnasiora joatea, denbora asko aurrezten dut. Gainera, lanera bizikletaz joaten naizenez, "etxeko lanak eginda” etxeratzen naiz. Uste dut emakumeei gomendatzen diedanarekin jarrera koherentea erakusten diedala. Gaur egun, astakeria iruditzen zaigu garai batean osasun-langileek erretzea kontsultan artatzen zuten bitartean. Agian urte batzuk barru antzeko zerbait pentsatuko dugu jarduera fisikoaren inguruan.

Zer iruditzen zaizu onena Kirol Txartela Mugiment-etik?

Herritarrentzat kostu gehigarririk ez izatea guztiz koherentea da osasun-politiketarako lortu nahi den izaera unibertsalarekin. Niretzat onena da nola errazten didan nire egunerokotasuna. Pertsonak aktiboak izatea nahi bada, erraztasunak eman behar dira, eta hau adibide ona da.

Zer hobekuntza proposatuko zenuke?

Zalantzarik gabe, ordutegiak eta eskainitako zerbitzuak zabaltzea da erronka. Adibidez, Lasarte-Oriako osasun zentroan ere lan egiten dut, eta kiroldegia ondoan dago, baina gimnasioa 15:00ak arte bakarrik eskaintzen da, eta, beraz, ez dit balio.

Gure osasun-sistemaren iraunkortasuna bermatu nahi badugu, ezinbestekoa da prebentzioan inbertitzea, eta, horretarako, jarduera fisikoa sustatzea beti da errentagarria.

Gorka, Iurreta

Zertarako eta nola erabiltzen duzu Kirol Txartela Mugiment?

Bizi naizen herriak ez du igerilekurik, eta horregatik, urteko bonoa atera dut inguruko udalerri batean, Kirol Txartela Mugiment erabiliz beste instalazio batzuetara sartzeko aukera izateko. Lanagatik, Berrizko igerilekuak ditut gertuen, eta astean 2-3 aldiz erabiltzen ditut entrenatzeko. Kirol Txartela Mugiment-i esker, nire egunerokoari egokitzen zaion moduan entrenatzea posible egiten zait, malgutasun eta erabilgarritasun handiagoarekin.

Zer iruditzen zaizu onena Kirol Txartela Mugiment-etik?

Uste dut Kirol Txartela Mugiment-ek duen abantailarik handiena dela, behin urteko bonoa izanda, zure egunerokotasunean sor daitezkeen aldaketen arabera beste udalerri batzuetako instalazioak erabili ahal izatea, inolako kostu gehigarririk ordaindu gabe. Horrek askatasuna eta malgutasuna ematen du, eta oso lagungarria da lanaren edo bestelako konpromisoen arabera entrenatzeko leku egokiena aukeratu ahal izateko.

Zer hobekuntza proposatuko zenuke?

Hobekuntza gisa, ordutegiak eta ekintzen eskaintza zabalagoa izatea proposatuko nuke, erabiltzaile gehiagoren beharretara egokitzeko. Hala ere, badakit mugak egon behar direla, izan ere, ordu jakin batzuetan erabiltzaile kopurua handia izaten da, eta hori ere kontuan hartu beharrekoa da. Oreka bat bilatzea garrantzitsua litzateke: eskaintza zabaltzea, baina instalazioen erabilera egokia bermatuz.

Kirol Txartela Mugiment oraindik erabiltzen ez baduzu, pertsona aktiboagoa izaten lagun zaitzakeen pentsatzera eta abantailak aprobetxatzera animatzen zaitugu.