Zumaiako Udalak Abante! orientazio zerbitzua jarri du martxan, jarduera fisikoa sustatzeko eta herritarrei egunerokoan ohitura osasungarriak txertatzen laguntzeko. Leire Juanbeltz teknikariaren gidaritzapean, doako ekimen honek zumaiarren bizi-kalitatea hobetzea du helburu, batez ere kiroldegia edo gainerako zerbitzu publikoak erabili ohi ez dituzten pertsonengana iritsiz.
Zerbitzuaren aurkezpenean, Iñaki Ostolaza alkateak nabarmendu zuen bizi ohitura aktiboa mantentzea funtsezkoa dela ongizate orokorrerako. Abante! zerbitzuak arreta pertsonalizatua eskaintzen du aurrez hitzordua eskatuta; bertan, orientatzaileak erabiltzaile bakoitzaren behar eta lehentasunetara egokitutako programa bat diseinatzen du, ondoren ezarritako helburuen jarraipen zehatza egiteko.
Jarduera fisikoko orientazio zerbitzuaren ordutegia ondokoa izango da:
- Asteazkenetan, 09:00etatik 13:00etara, eta, 16:00etatik 18:00etara, Aitzurin.
- Asteazkenetan, 14:00etatik 16:00etara, osasun zentroan.
Orientatzailearekin harremanetan jartzeko:
- Telefonoa: 688 609 209
- Helbide elektronikoa: abante@zumaia.eus
Animo Leire erronka berriarekin!




