Esperientziak partekatzen eta sarea ehuntzen Soraluzen

Argitalpen-data: 

Esperientziak partekatzen eta sarea ehuntzen Soraluzen

Joan den ostiralean, azaroaren 13an, Jarduera Fisikoaren Orientatzaileen III. Topaketa ospatu genuen Soraluzen, Arane kiroldegian. Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera fisikoaren orientazio-zerbitzuetan lanean ari diren orientatzaileak bildu ginen, esperientziak partekatzeko, elkarren arteko harremanak sendotzeko eta eguneroko jardunean erabilgarriak izan daitezkeen ekimenak eta ezagutzak ezagutzeko.

Topaketaren helburu nagusia orientazio-zerbitzuen arteko sarea indartzea, elkarlanerako aukerak sustatzea eta orientatzaileen arteko ikaskuntza partekatua bultzatzea izan zen.

Goizeko 9:30ean hasi zen jardunaldia, ongietorri dinamika batekin. Ondoren, orientatzaileen eguneroko jardunarekin lotura zuzena zuten hainbat esperientzia eta gai landu genituen, programa anitz eta parte-hartzaile baten barruan:

  • LeioAktiba – Onkologia elkarlana: jarduera fisikoaren orientazio zerbitzuaren eta onkologiaren arloaren arteko lankidetza esperientzia ezagutzeko aukera izan genuen.
  • Ttipi-ttapa: ekimenaren inguruko esperientzia eta jarduna partekatu ziren.
  • KOI saio praktikoa: koordinazioa, oreka eta indarra lantzeko saio praktiko batean parte hartzeko aukera izan genuen.
  • JFOZ ezberdinen aurkezpena: jarduera fisikoaren orientazio zerbitzuetan garatzen ari ziren esperientzia eta ekimen ezberdinak ezagutzeko tartea izan genuen, zerbitzuen arteko ezagutza eta lankidetza sustatuz.

Jardunaldian zehar, giro eta dinamika benetan atsegina sortu zen parte hartzaile guztien artean. Ekarpenak, esperientziak eta bizipenak modu naturalean partekatu genituen, eta horrek topaketari balio berezia eman zion. Horrelako giroa sortzea eta elkarren arteko harremanak modu horretan sendotzea benetan eskertzekoa da.

Jardunaldia mokadutxo batekin amaitu genuen, elkarrizketarako eta harremanak sendotzeko azken tartea eskainiz.

Horrelako topaketek agerian utzi zuten orientazio zerbitzuen arteko sare lanaren garrantzia. Esperientziak eta ezagutzak partekatzea funtsezkoa da zerbitzuak indartzeko eta herritarren artean jarduera fisikoa sustatzeko egiten den lana hobetzen jarraitzeko.

Eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu topaketan parte hartu zuten guztiei, egindako ekarpenengatik, parte hartze aktiboagatik eta jarduera fisikoaren sustapenarekin duten konpromisoagatik. Era berean, eskerrak eman nahi dizkiogu Soraluze Udalari eta Arane kiroldegiko taldeari, jardunaldia antolatzeko emandako laguntzagatik eta eskainitako instalazioengatik.