Donostian egindako saioan Mugiment Ekintza Planaren behin betiko dokumentua aurkeztu dugu. Plana aurkeztearekin batera, 2025 urteko Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzuen eta Eusfit Mugiment ekimenaren emaitzak erakutsi dira.
Amorebieta-Etxanon egindako lehen aurkezpenetik urtebete igaro denean, jasotako hobekuntza-proposamenak txertatu eta Susana Aznarren kanpo-ebaluazioa igaro ondoren, Mugiment Ekintza Planaren behin-betiko dokumentua argitaratu da webguneko baliabideen atalean.
Plana Euskadiko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Lege berrian (02/2023 LEGEA, martxoaren 30ekoa) eta Osasunaren Mundu Erakundearen Jarduera fisikoari buruzko ekintza plan globalean (GAPPA),oinarritzen da, eta jarduera fisikoarekin batera portaera sedentarioak nahiz loa kontuan hartzen dituen 24 orduko ikuspegia du.
Egun, 42 sustatzailek hartutako 324 konpromiso daude ikusgai webguneko konpromisoen bilatzailean. Plan hau dinamikoa, irekia eta malgua da; beraz, jarduera fisikoa sustatzeko konpromisoa duen edozein erakundek edo eragilek du bertan lekua, konpromisoak proposatu eta gizartearen aurrean ikusgai jartzeko. Zure erakundeak ere parte hartu nahi badu eta pausoa eman nahi baduzue, idatzi mugiment@mugiment.eus helbidera.
Hemen duzue saioan erabilitako aurkezpena.
Eskerrik asko bertaratutako guztiei!




