Eusko Legebiltzarrak Pasaia Badia Aktiboa estrategia bertatik bertara ezagutu du

Eusko Legebiltzarrak Pasaia Badia Aktiboa estrategia bertatik bertara ezagutu du

Joan den apirilaren 13an, astelehena, Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordeko kideek bisita instituzionala egin zuten Pasaiara, bertako osasun-zentroa eta martxan dituzten jarduera fisikoaren sustapenerako egitasmoak bertatik bertara ezagutzeko asmoz. Mugiment proiektutik asko pozten gaitu politikarien aldetik agertutako nahiak orientazio zerbitzuak sakonago ezagutzeko, eta, oro har, jarduera fisikoak herritarren osasunean duen eraginarekiko erakutsitako interesa oso positibotzat jotzen dugu. Legebiltzarkideek Pasaiako orientazio zerbitzua ezagutzea aukera bikaina izan dela deritzogu, udalerri honetako zerbitzua benetan eredugarria baita.

Bisitan zehar agerian geratu zen zein garrantzitsua den sailen arteko lankidetza eta ekarpena udalerri batean jarduera fisikoaren estrategia sendo bat garatu ahal izateko. Pasaiako kasuan, 2018tik daramate herria eta komunitatea ehuntzen, eta urte hauetako lanari esker udalerriko osasun-sare sendo bat eratzea lortu dute. Sare horretan modu koordinatuan parte hartzen dute osasun-zentroak, gizarte-langileek, ikastetxeek, orientazio zerbitzuko teknikariek, berdintasun teknikariek eta Pasaiako hainbat elkarte zein klubek. Elkarlan honi esker, herrian jarduera fisikoa egiterako orduan zeuden gabeziak identifikatu eta horiei erantzun egokia eman diote, betiere kolektibo inaktiboenak eta zaurgarrienak erdigunean jarriz.

Gaur egun, Pasaia Badia Aktiboa estrategiak orotariko jarduera-programa zabala osatzea lortu du herritarren osasunean positiboki eragiteko. Eskaintza horren barnean aurkitzen dira, besteak beste, Jarduera Fisikoaren Orientazio Zerbitzua, Heldufit, Parkfit, Amafit, Hasifit, emakume korrikalarien taldea, emakume palistak, Pasaia Kirol Badia kluba, Ekifit, Krasfit... Egitasmo horiek guztiek pasaitarren artean jarduera fisikoa sustatzea dute helburu, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko funtsezko tresna gisa.

Azkenik, Mugimentetik eskerrak eman nahi dizkiogu, alde batetik, Legebiltzarreko Osasun Batzordeari bisita honetara gonbidatzearren, eta bestalde, Pasaia Badia Aktiboko lantalde osoari egin ziguten bisita atseginagatik. Era berean, zoriondu egin nahi dugu lantaldea orain arte egin duten lan guztiagatik eta euskal gizarte aktiboago bat lortzeko bidean erakusten duten konpromisoagatik.

Tag-ak