Amaitu da maiatzaren 11-31 bitartean martxan egon den II. Mugiment Pausu Erronka. Hiru aste hauetan, gure herri eta hirietako txokoak mugimenduz bete dira, ohitura osasungarriak sustatzeko eta elkarrekin erronka komun bati aurre egiteko helburuarekin.
Herritarren erantzuna bikaina izan da: guztira 712 parte-hartzaile aktibo aritu dira pausoak ematen, eta guztien ahaleginari esker, 115.728.146 pausu metatzea lortu da. Eskerrik asko eta zorionak parte hartu duzuen guztioi!
Azpiko irudian ikus ditzakezue aurtengo edizioko saridunak eta udalerrien arteko azken sailkapenaren xehetasunak. Sailkapen orokorra osatzeko, herritarrek emandako pausuak eta udalerri bakoitzeko partaide kopurua hartu dira kontuan (Rankinga = udalerriaren pausuak / udalerriko partaideak), udalerri txiki zein handien arteko oreka bermatzeko.

Aurten, gainera, sari berri bat banatu da: parte-hartzaile gehien izan dituen udalerriari emandakoa. Aitortza hori Durangok eskuratu du, guztira 74 parte-hartzailerekin, herritarren inplikazio eta konpromiso handia erakutsiz. Eta azkenik, aipamen berezia merezi dute banakako emakumezko eta gizonezko saridunek, baita desgaitasun aitortua duten parte-hartzaileen artean pausu gehien eman dituztenek ere. Zorionak guztioi!




