Tolosako Udalak ohitura osasungarriak sustatzeko eta pertsona bakoitzaren beharretara egokitutako ariketa fisikoa gidatzeko zerbitzua jarri du martxan. Jarduera fisiko eta kirolerako orientatzaile-zerbitzuak ikuspegi integrala du eta beste profesional batzuekin koordinatzen da (medikuak, psikologoak, nutrizionistak...). Izan ere, jarduera fisikoaz harago, autozaintzaren eta ongizatearen kultura sustatzeko asmoa du doako zerbitzu honek.
Zerbitzu honen helburua pertsona ez-aktiboei laguntza ematea da, aktibo bihur daitezen, entzute aktiboa erabiliz jokabide-aldaketa horretan eragina izan dezaketen aldagaiak ulertzeko. Batik bat, jarduera fisikorik egiten ez duten herritarrei zuzenduta dago, baina edonor etor daiteke aholku eske.
Ordutegia:
- Astelehena: 11:00 - 13:00
- Osteguna: 15:00 - 17:00
- Ostirala: 08:00 - 10:30
Orientazio-zerbitzu honetan taldeko jarduerak ere proposatuko dira. Udalerrian ezaguna den 65 urtetik gorako pertsonentzako Mugi Tolosa ekimenaz gain, ikastaroak, tailerrak eta Bizikletan adinik ez jarduera ere martxan izango dira.
Bizikletan adinik ez ekimena 4 hilabetetan egongo da erabilgarri: urriko, azaroko, apirileko eta maiatzeko ostiraletan, 10:00etatik 12:00etara. Adineko pertsonei zein aniztasun funtzionala dutenei bizikletan ibiltzeko aukera bermatzen die, etxetik edo egoitzetatik irteteko zailtasuna dutenen bizi-kalitatea hobetzeko asmoz. Horretarako, trizikloetan ibilaldiak egingo dira gidari baten laguntzaz.
Bestalde, antolatutako ikastaro zein tailerrek askotariko helburuak dituzte, baina guztiek azpimarratuko dute ariketa fisikoak osasunean duen garrantzia: etxean egiteko ariketak irakatsiko dira, elikadura osasungarriaren gakoak xehatu eta adineko pertsonek egunerokoan izan ditzaketen zailtasunak saihesteko gomendioak emango dira, besteak beste.
Orientatzailearekin txanda hartzeko, herritarrek 688 840 425 zenbakira deitu dezakete, edota mugitolosa@tolosa.eus helbide elektronikora idatzi. Anbulatorioan ere har daiteke hitzordua.





