Irakurketa gomendioa: Ejercicio (Exercised)

egilea: Iker Etxeberria,
Orain arte jarduera fisikoaren inguruan irakurri ditudan irakurgaiak astunak iruditu zaizkit eta ez nizkioke inori gomendatuko oporretan hondartzako txiringito batean irakurketaz disfrutatzeko.
Egia esan, liburu hau ere zalantza askorekin hasi nuen, beste asko bezala, zeharka irakurri beharko ote nuen beldurarrekin. Daniel E. Lieberman bezalako irakasle eta akademiko ospetsu batengandik hitz tekniko irakurtezinak, kontzeptu konplexu ulergaitzak eta bibliografia-erreferentzia uholdea espero nuen. Erabat oker nengoen.
Argi dago Daniel E. Lieberman ariketa fisikoaren defendatzaile sutsua dela. Baina bera bezalakoak ez direnentzat esan beharra dago liburua enpatia osoz idatzita dagoela eta bere idazkera oso pedagogikoa dela.
Gaietan sakontzen jarraitu nahi dutenentzat amaieran 125 orrialde eskaintzen dituen arren erreferentziekin, liburuaren 427 orrialdeak oso azkar pasatu zaizkit, talentudun idazleen eleberriekin gertatu ohi bezala.
Liburua irakurterraza eta ulerterraza da eta jarduera fisikoaren, ariketaren eta kirolaren alorreko profesionalek ez ezik, edozeinek irakurtzeko modukoa dela uste dut. Jarduera fisikoaren sustapenaren dibulgazioarentzat aire freskoa.
Lau atal ditu eta atal bakoitzean jarduera fisikoaren inguruan dauden hainbat uste aztertzen ditu. Gizakiaren eboluzioan eta antropologian jartzen du arreta, jarduera fisikoaren inguruko orain arteko argumentu asko hankamotz geratzen baitira ikuspegi hauek aintzat hartzen ez direlako. Era berean, ezinezkoa da jarduera fisikoa ulertzea jarduera fisiko eza ulertu gabe.
Liburua irakurriko ez duzuenontzat laburpentxo bat: ez da egia gizakiok gizaki izateagatik ariketa fisikoa egitea nahi dugunik. Ariketa gizakion behar bat izan da gure existentzia guztian zehar eta, mundua asko aldatu bada ere, bi arrazoi nagusi daude ariketa egiten jarraitzeko: beharrezkoa delako (gaur egun osasun arrazoiengatik) eta dibertsioagatik.
Ondo hasi ikasturtea eta animatzen zaretenoi, disfrutatu liburua!