Jarduera fisikoaren sustapena euskal haurtzaroan

Irudia - Jarduera fisikoaren sustapena euskal haurtzaroan

egilea: Mikel Bringas, 

Tagtiv8eko Byn Llewellynek bere blogerako sarrera bat idaztea proposatu dit, EAEn haurtzaroan jarduera fisikoa sustatzeko egiten ari garena laburbilduz, eta horixe da testu honekin lortu nahi dudana.

EAEn ibilbide luzea dugu kirola sustatzen, baina gizarte aktiboa sortzeko ideia duela urte gutxi jaio zen.

Baina batzuetan jarduera fisikoaren sustapen ekimenak, inaktiboak diren pertsonak aktibo bihurtu nahian, pertsona heldu eta nagusiengana baino ez dira iristen.

Bizi-ohitura aktiboak sortu eta errotzeko, behar-beharrezkoa da ume eta gazteekin egindako lanari lehentasuna ematea. Gero eta gazteagoak izanik, alde batetik gure burmuinak gaitasun handiagoa du esperientziaren bidez aldatzeko, eta bestaldetik aldaketa horietarako egin beharreko ahalegina txikiagoa da.

Gure ume eta nerabeak inoiz sasoi fisiko gutxien izan duen belaunaldia omen dira. Oraingo gazteek beraien gurasoek baino bizitza itxaropen motzagoa dutela aipatua da.

Arazoa jarduera fisiko eza eta sedentarismoarekin lotzen da, eta neurtzen ez bada ikustezina izango da: “What is measured is treasured”. Antza denez, gure erkidegoan ere arazo bera izan dezakegu.

Horregatik, lehenengo urrats gisa, jarduera fisikoak euskal haurtzaroan eta nerabezaroan duen egoera ezagutzea proposatu da. Horretarako, hiru ekimen desberdin jarri dira abian.

Hasteko, lehen aldiz, EAEk Global Matrix nazioarteko ekimenean parte hartzen du. Egindako txostena kontsulta dezakezu.

Bestalde, proba pilotu bat egin da sasoi fisikoaren zaintza sistema abian jartzeko. Hau da horren bukaera txostena eta jarraian bideo labur bat ikusgai:

Azkenik, azelerometriari buruzko azterlan sakona garatzen ari da, 1111 ikasleren EAEko lagin adierazgarri bat barne. Ikerketa 2022ko urrian amaituko da.

Ikus daitekeenez, hiru ekintza horietako batek ere ez du lortzen euskal haurtzaroan eta nerabezaroan jarduera fisikoaren egoera hobetzea, baina tresna baliagarriak izan daitezke arlo horretan erabakitzen duten pertsonei jarduteko premia larria erakusteko. Horren erakusgarri da Hezkuntza, Osasun eta Kultura sailburuekin, EAEko hiru unibertsitate nagusiekin eta nazioarteko adituekin egindako saioa:

Egoeraren diagnostikoa egitea hobetzea baino askoz errazagoa da. Lortuko al dugu etorkizunean jarduera fisikoa areagotuko duten politika berriak sortzea? PAL sartzea hezkuntzan da aukeretako bat. Bryn Llevellynek parte hartu zuen saioan bertan erakutsi genuen bezala: