Irakurketa gomendioa: How to Move & Learn
egilea: Mikel Bringas,
Duela pare bat urte, physically active learning (PAL) jardunaldi bat antolatu genuen irakasleentzat. Bryn Llewellyn izan zen hizlari nagusia orduko hartan, eta Ian Holmes eta Richard Allmanekin batera aurkeztu nahi dudan liburuaren egileetako bat da.
Liburua aurkezteko, gaian adituak diren beste pertsona batzuen iritzia jasotzen da, irakurketa gomendatuz. Horietako bat Andy Daly-Smith da, Bryn Llewellynekin batera TED talk-eko protagonista dena, aipatu dudan jardunaldiko bideoan euskarazko azpitituluekin ikus dezakezuna (4:10 minututik aurrera).
How to Move & Learn 400 eskola baino gehiagotan metatutako esperientzian eta arlo horretako ikerkuntzan egindako aurrerapenetan oinarrituta dago. Azalpen teoriko sendoa eskaintzen du, proposamen praktiko ugariz hornitua. Bereziki interesgarria da kaìtulu bakoitzaren azken atala, ikasitakoari buruz hausnartzeko eta irakaskuntza-egoera errealetara itzultzeko aukera ematen diguna.
Galdera sinple bezain sakon batekin hasten da liburua: zergatik daude ikasleak eserita ikasteko? Ikusiko dugunez, erantzunak irakaskuntza aktiboa (Move & Learn) planteatzera garamatza nahitaez. Irakaskuntza aktiboa ikaskuntza-sekuentzia gisa definitzen dute, eta, zuzenean edo zeharka, ikaslearen garapena hobetzeko jarduera fisiko mota egokia barne hartzen du. Azken batean, irakaskuntza aktiboaren helburua denbora sedentarioa murrizteko eta jarduera fisikoa areagotzeko aukerak aurkitzea da, ikasleen ikaskuntza eta ikaskuntza-esperientzia hobetzen diren bitartean.
Liburuaren helburua irakasleei mugimendua ikaskuntza-prozesuan integratzeko gaitasuna, aukera eta motibazioa eskaintzea da. Kapituluetan, irakaskuntza aktiboaren onurak eta ikasleen ikaskuntzan txertatzeko duen justifikazioa nabarmentzen dira. Era berean, irakaskuntza aktiboa ikasgaietan txertatzeko moduari buruzko ezagutzak, ideiak eta baliabideak partekatzen ditu. Irakaskuntza aktiboa ezartzeko oztopoak ere identifikatzen ditu, eta irtenbide praktikoak ematen ditu. Gainera, irakasleak azken ikerketekin harremanetan jartzen ditu, beren irakaskuntza-jarduera ebidentzia arrakastatsuenetan oinarritutako ikuspegien arabera garatu ahal izan dezaten.
Hau da liburuaren aurkibidea:
- Title Page
- Foreword
- Acknowledgements
- Chapter 1: An Introduction to Move & Learn
- Chapter 2: Culture and Ethos
- Chapter 3: Move & Learn Approaches
- Chapter 4: Move & Learn Approaches Across the Pedagogical Spectrum
- Chapter 5: Move & Learn Environments and Resources
- Chapter 6: A Whole-School Approach to Move & Learn
- Appendix 1: Move & Learn Audit and Planning Tool
- Appendix 2: Case Studies
- References
- About the Authors
- Copyright
COVID-19k erakutsi zigun jarduera fisikoak agenda politikoan duen lekua, eta eskolan agerian geratu zen. Iraultza sozial bat behar dugu jarduera fisikoak gure giza eboluzioan izan zuen tokira itzultzeko, eta iraultza hori eskolan hasi beharko litzateke. How to Move & Learn doktrina iraultzailearen parte da.
Zorionak Bryn, Ian eta Richard, irakaskuntza aktiboaren benetako aitzindariak.